Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Harakinen Elkarteek Euskadiko autore-hanburgesen lehiaketa antolatu dute Zerkausian, Tolosako Haragi Azokaren harira. Horrela, aurten, Tolosa bosgarren aldiz bilakatu da okelaren erdigune. Bertan, bi kategoria ezberdinetako, hanburgesa tradizionala eta hanburgesa berritzailea, hanburgesa onenak zein harategik ekoitzi dituen jakin da. Igande goizean egin zuten txapelketa Tolosako Zerkausian, eta, bigarren edizio honetan ere, parte hartzea handia izan zen, antolatzaileek baieztatu dutenaren arabera.

Tolosako Haragi Azoka Pedro Martínez

54 hautagai izan ziren lehiaketan; 29 gipuzkoar, hamaika arabar eta hamalau bizkaitar. Hanburgesa Tradizional Onenaren saria eraman zuen Gasteizko Beñat Harategiak. Bigarren eta hirugarren postuan, berriz, Gasteizko Santi Harategia eta Ibarrako Joxe Mari Barriola Harategia sailkatu ziren.

Hanburgesa Berritzaile Onenaren kategorian, berriz, Usurbilgo Patxi Iparragirreren Otar Goxo Harategiak eraman zuen lehen saria. Bigarren, Tolosako Miren Harategia sailkatu zen, eta hirugarren postuan Gasteizko Mari Harategia geratu zen.

Foodtruck

Festarako tartea ere asteburu guztian zehar izan da Zumarditxikian. Hainbat foodtrucken proposamen gastronomiko goxoenez dastatzeko aukera izateaz gain, kon-tzertuak ere izan dira bertan ostiraletik igandera bitartean. Tolosako Udaleko kideek azaldu dutenez, aurtengo azokak ere harrera bikaina izan du herritarren artean, eta “festa giro bikaina nagusi izan da Tolosan”.