2023-2024 ikasturtean zehar, Amasa-Villabonako Fleming, Zubimusu eta Erniobea BHI ikastetxeetako ikasleak garapen jasangarriaren inguruan lanean aritu dira, Tolosaldeko Agenda 2030 proiektuaren baitan. Antolatzaileek azaldu dutenez, energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea izan da Agenda 2030 proiektuaren aurtengo gai nagusia. “Helburu nagusia energiaren erabileraren inguruko kontzientzia sortzea izan da, eta erronka horretan eskola bakoitzak bere ekarpena egin du”, azaldu dute proiektuaren baitan lanean aritu diren billabonako gazteek.

Ekintza-plana

Prozesuari dagokionez, lehenik, eskola bakoitzak energiaren inguruko ekintza-plan propioa egitea zen asmoa. Hala ere, hausnarketarako ikasle-foroan, hiru ikastetxeetako ikasleak bildu eta ekintza bateratu bat egitea adostu zen. Gauzak horrela, hainbat ekin-tza antolatu dituzte maiatzaren 14 eta 15erako, herritarren artean aipatutako kontzientzia sortzeko. Besteak beste, maiatzaren 14an, goizez, Zubimusu ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek, herrian oinez ibiltzearen aldeko kanpaina egingo dute, herrian zehar eskuorriak banatuz. Hilaren 15ean berriz, San Isidro eguna ospatzearekin batera, Erniobea BHI ikastetxeko ikasleek, energiari buruzko askotariko gaien inguruan sortu dituzten kartelen erakusketa egingo dute Berdura plazan; 10.30etik 12.30era egongo dira ikusgai. Karteletan, aurrez bildutako informazioa txertatuko dute QR kode bidez. 

Fleming ikastetxeko ikasleek ere kartelak sortu dituzte eta erakusketan egongo dira ikusgai. “Energia xahuketaren inguruko kartelak dira, gaiaz sentsibilizatzeko helburua dutenak. Audio-gidak ere sortu ditugu eta karteletan txertatutako QR kodea erabiliz entzun ahal izango dira”, adierazi dute. Arratsaldean, berriz, hitzaldi bat antolatu dute Gurea antzokian. Bertan, Zubimusuko DBHko ikasleek, energia aurrezteko gakoen inguruan hitz egingo dute. Enherkom Hernaniko komunitate energetikoko kideek ere parte hartuko dute ekitaldian, eta euren esperientzia partekatuko dute.

Formazioa

Villabonan ez ezik, Tolosan ere landuko dute gaia. Izan ere, Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua, Inmakulada Lanbide Ikastolako, Peñascal Kooperatibako eta Fraisoro Eskolako ikasleek, azken bi urteotan Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan egindako lanketaren berri eman dute. Hauek ere energia izan dute hizpide eta, besteak beste, formazioa, aholkularitza, ikerketa eta sentsibilizazio ekintzak landu dituzte. Ikastetxe bakoitzak bere alorreko jakintzak aplikatu ditu proiektuan.

Tolosaldea LHII-ko ikasleek, esate baterako, etxebizitzetan energia ikuskaritzak egin ahal izateko txantiloi batzuk sortu zituzten, informazio guztia modu bateratuan jaso ahal izateko. Inmakuladako ikasleek egin dituzte ikuskapenak, Peñascal Kooperatibaren tutoretzapean dauden sei pisutan, eta bertan bizi diren ikasleek ondoren energiaren erabilera egokiagoa egiteko gomendio batzuk jaso dituzte.

Ikasleak

Datuen azterketa ere Tolosaldea LHII-ko ikasleek egin dute, eta lortutako datuez gain, fakturak eta etxeetako sistemak ere aztertu dituzte. Tresna elektrikoen kontsumo neurgailuak edota programatzaileak instalatzeko beharra ondorioztatu dute. Azkenik, Fraisoro eskolakoek, elikagaien eraldaketa zikloan beraien instalazioetan erabiltzen dituzten tresnen eta klimatizazio sistemaren inguruko datuak aztertu dituzte. App baten bidez tresna bakoitzaren kontsumoa kontrolatu ahal izan dute. 

ibilbide luzea Duela 22 urte hasi zen Tolosa Agenda 2030 proiektuarekin lanea. Horretaz gain, hamabost urte dira Tolosaldea Garatzenek eskualde mailako estrategia bateratua kudeatzeari ekin zionetik, eta denbora horretan garapen jasangarri baterantz garatutako estrategiak balioan jarri ditu bertako teknikaria den Garbiñe Mendizabalek. “Eskualde mailan energia alorreko estrategia bateratua egiten gabiltza erakunde publiko, pribatu eta ikastetxeekin.

Lanketa hau urrats bat gehiago da norabide horretan, elkarlanari esker”, azaldu du Mendizabalek. Garapen agentziak, ikasleek egindako gomendio horiek eskuorri eta kartel batzuetara eraman ditu, gainera, eta ikastetxe eta gune publikoetan jarriko dituzte herritarren eskura. Tolosako eta Zizurkilgo udalek ere babestu dute proiektua.