Lagun taldeetan nortasun eta portaera desberdineko kideak elkartzen dira. Ekimentsuak eta nagiak, oldarkorrak eta otzanak, sentiberak eta bihotz-gogorrak. Egia da, halere, denok ez gaituztela gauza berberek pizten, sutzen edo hunkitzen. Gure Azkoitiko lagun taldean, nerabezaro udazkenduan, baginen bi, Josu txikia eta biok, elkarri musika-kaseteak trukatzen aritzen ginenak. Sentikorrak ginen –gara, menturaz– edo sentikor genbiltzan, eta behin baino gehiagotan aipatu izan genuen gainerako lagunen aurrean: “halako kanta entzunez negar egin diat.” Enparauek barre egiten ziguten. “Kanta bat entzunez negar? Tira, tira, nahikoa diagu...” Guk elkarri begiratzen genion, hain gozagarri zitzaigunak inguruan sortzen zuen ulergaiztasunaz etsita. 

Txetxeniako Errepublikan debekatu egin dituzte musika doinu arinegiak eta lasaiegiak. Arinegitzat jo dituzte minutuko 126 taupadatik gorakoak, mantsoegitzat 76ra heltzen ez direnak. Mendebaldearen eragin kutsatzailea ekidin nahi omen dute. Horrek pentsarazi dit Kortatu taldearen Sarri Sarri edo Maitia, nun zira? kanta herrikoia kutsadura horren barruan sartzeko arriskua legokeela. Mendebaldeak ez dakar deus onik.

Errepidean asko ibili behar izaten dugunok polizia-kontrolak maiz samar pasatu behar izaten ditugu. Inoiz gertatu izan zait kantaren batekin hunkiturik noala gelditu behar izatea. Begiak dir-dir bereziarekin sumaturik, ondo nagoen ere galdegin izan didate ertzainek. Hurrengoan neuk egin beharko diet galdera: zer dakarkidazu, alkoholimetroa ala metronomoa?