Aitziber Garmendia Mendizabal (Zaldibia, 1982) aktore eta umorista ezaguna da. Zaldibiarrak txikitatik izan du antzerkirako grina. 13 urterekin eman zituen lehen pausoak antzerki munduan, Beasaingo an-tzerki eskolan zebilela, eta 15 urte zituela hasi zituen aktore ikasketak Donostian. 18 urterekin, Tantaka antzerki taldearekin hasi zen lanean, eta 19 urte zituela hartu zuen ospea euskaldunen artean ETBren Martin telesailean pertsonaia nagusiaren papera hartuta.

Ordutik hona, hamaikatxo lanetan ibili da, an-tzerkian, telebistan zein zineman. Pantaila txikian, esaterako, Sorginen laratza, Martin, Zuek Hor eta Batek daki saioetan ikusi izan dugu, besteak beste. Pantaila handian, aldiz, Txarriboda, Alaba zintzoa, Mugaldekoak edo Erlauntza filmeetan lan egin du.

Antzerkian egindako lanen zerrenda ere ez da gutxiagorako: hala nola, Emakumeak izarapean, Baginaren bakarrizketak, Sexberdinak, Losers, Erlauntza eta Esnearen kolorekoa lanetan parte hartu du. Bestalde, ETB1en, Gure kasa saioan fikzio pertsonaiak antzezten zituen, eta 2020.urtean, Barre Librea umore saioa estreinatu zuen ETB1en, Jon Plazaola, Getari Etxegarai eta Kepa Errasti aktoreekin batera. Beste askok Netflix plataforman ere ikusiko zuten gipuzkoarra, Machos alfa telesailean lan egin baitu. Oraintsu, gainera, Movistar + plataformako Muertos S.L telesaila estreinatu berri du.

Aitziber Garmendiaren kultur gomendioak

Abesti bat: Lasai egon nahi dudanerako, At Seventeen (Janis Ian); eta borrokarako, Mari (Su ta Gar).

Musika talde bat: Queen.

Liburu bat: The colour of milk (Nell Leyshon).

Aktore bat: 50 urtetik gorako edozein emakume, biziraupenagatik besterik ez bada ere. Heteropatriarkatuaren eta gaztetasun/edertasun kanonen lanbidea den honetan, ez da batere erraza eta. 

Antzezlan bat: Herbert Moroteren El guía del Hermitage, Federico Luppi aktorearekin.  

Film bat: 20000 especies de abejas.

Antzezlan bat: Una noche sin luna.

Kultur espazio bat: Zaldibiako Antzokia. Nire aktore bidearen lehenengo kimuak bertan sortu ziren, eta gaur egun ere, nire oholtza kuttunena da.