Datorren asteko igandean, maiatzaren 5ean, hain zuzen ere, kontzertu berezia jasoko du Leidor aretoak, Arimaz Kamera Orkestraren eskutik, Tolosako Udaleko kultura saileko ordezkariek azaldu dutenez. Izan ere, piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko du talde tolosarrak, eta eskainiko dituzten obrak sinfonikoak izanik, “ia hirukoiztu egingo da oholtzan izango diren musikarien kopurua, guztira 50 kide inguru elkartuz”.

Musika eskola

Arimazeko ohiko partaideez gain, Tolosako Musika Eskolako flauta, oboe, klarinete eta perkusio joleak, Musikeneko ikasle talde bat eta Irungo Luis Mariano Lirika Elkarteko musikariak batuko ditu egitasmo berezi honek. Gainera, Sara Liton, Musikenen orkestra eta abesbatza zuzendaritza ikasten ari den madrildarra izango da zuzendari lanetan, eta pianoan bakarlari moduan Izaro Yañez tolosarra arituko da. Kontzertuaren antolatzaileek honen inguruko nondik norakoak azaltzean baieztatu dutenez, “Yañez Loatzo Musika Eskolan hasi zen pianoa jotzen, eta Francisco Escudero Kontserbatorioan burutu zituen musikako ikasketa profesionalak. Egun bakarkako eta ganbera-musikako kontzertuak eskaintzen, beste musikariak eta koruak laguntzen eta irakasten jarduten du”.

Maila handiko ikuskizuna

Patxi San Sebastian, Arimazeko kideak aurkezpen ekitaldian azaldutakoaren arabera, kontzertua erronka eta salto kualitatibo bikoitza” izango da orkestrarentzat, partaide aldetik ohikoa baino lagun gehiago ba-tzeaz gain, doinu aldetik ere urrats bat harago joango delako. Hain zuzen ere, “ohikoak dituen musika barroko eta herrikoietik klasizismo garaiko obrak interpretatzera” egingo du salto Arimazek. Tolosako Udaleko Kultura zinegotzi den Goiuri Ezeizak eskerrak eman dizkie antolatzaileei egindako lanagatik. “Ederra da tolosarron artean sortutako halako maila duten ikuskizunekin gozatu ahal izatea. Eskerrak eman nahi nizkizueke Arimazeko kideoi, baita laguntzen arituko diren gainerako musikariei ere”, azaldu du Ezeizak.